XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRAKASKUNTZA

Euskal Unibertsitatearen aldeko patronatua bultzatzea erabaki zuen UEUren Kongresuak

150 partehartzaile inguru bildu ziren joan den larunbatean Donostian burututako ekitaldian

D.N. Iruñea

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Donostian antolaturiko I. Kongresuan bildutako partehartzaileek euskara eta unibertsitatea uztartzearen bidean Euskal Unibertsitatearen aldeko patronatu bat bultzatzea erabaki zuten joan den larunbatean.

Kepa Altonaga UEUko zuzendariak agurreko mintzaldian azpimarratu zuenez, azken urte hauetan UEUren baitan egon den eztabaidak lortu duen heldutasun-mailaren ondorioa izan da kongresua, eta honen ostean UEU fase berri batean sartzen dela esan ahal izango dugu.

Kongresuaren helburuei dagokienez, honako hiruak aipatu zituen Altonagak: Batetik, euskara eta unibertsitatea uztartzearen bidean Euskal Unibertsitatearen gaian sakontzeko, bestetik, gai honetan etorkizunerako proiektua lantzea eta arlo honetan eragile diren gizarte-sektore eta erakundeei eskaintzea, eta azkenik, ardura eta une berriei egoki erantzuteko UEUk bere burua ahalik eta ondoen prestatzea.

Kongresuan onartutakoaren arabera, UEUren helburu nagusiaren baitan sartzen da Euskal Unibertsitatearen alde lan egite, baina UEUk ez du uste lan hori berak bakarrik egin dezakeenik, ezta ere berari bakarrik dagokionik.

Hortakoz, Donostian bildutako 150 kongresukideek Euskal Unibertsitatearen aldeko patronatu bat sortzen ahalegintzea erabaki zuten.

Patronatu hau Euskal Unibertsitatea sortzeko eragile izan daitezkeen estamentu sozial, politiko, sindikal, kultural zein herritar ahalik eta gehien biltzen saiatuko da.

Patronatuaren eginkizuna Euskal Unibertsitatearen sorrerarako beharko diren urrats praktikoak ematea izango da.

Halaxe dio kongresuan onartutako ponentziak.

Bestalde, kongresu honen bigarren atalean, eraketari buruzko ponentzia eztabaidatu zen.

Ponentzia honi aurkeztutako zuzenketa-proposamenak 29 izan ziren eta eztabaida gehien sortu zutenak bazkideengan oinarritutako UEUren egitura berria eta organuen ardura eta eginkizunei buruzkoak izan ziren.

Kongresura bertaratu zirenen artean Euskal Herri osoko partaideak zeuden eta, tartean, Unibertsitate, hezkuntza eta kultura alorretako pertsona ezagun ugari.